Gorputz zetoniko
Gorputz zetonikoak gibelean sortzen diren molekula hidrosolugarriak dira, lau karbono atomo dituztenak. Egitura kimikoari dagokionez, zetonak edo zeto azidoak dira, eta azetil-CoA da beren sorreran parte hartzen duen aitzindaria.
Azido azetil azetikoa (azetoazetatoa), azido beta hidroxibutirikoa eta azetona dira gorputz zetoniko nagusiak [1].
Katabolizatzen direnean (Krebs zikloaren bidez) energia kimikoa (ATP) sortzen dute.
Esan liteke gorputz zetonikoak gantz-azidoen degradazioaren emaitza direla, prozesu horretan (beta oxidazioan) azetil-CoA -gorputz zetonikoen aitzindaria- sortzen delako. Diabetean gantz-azidoen degradazioa areagotzen da, zelulak energia lortzeko lipidoak katabolizatu behar dituelako (ezin baitu glukosa erabili, diabetean zelulak glukosa eskura ez duelako). Ondorioz, diabetean azetil-CoA asko sortzen da, eta gorputz zetonikoak ere gehiegizko kontzentrazioan agertzen dira odolean (zetosi izeneko asaldura arriskutsua agertuz).
Sintesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gibelean sortzen den gorputz zetoniko bat, azido azetil azetikoa, azetil-CoAren bi molekula elkartzerakoan agertzen da:
- Azetil-CoA + Azetil-CoA ---- Azetoazetil-CoA + CoA [2]
Sortutako azetoazetil-CoAk A koentzimaren galera du ondoren, desazetilazio deritzonaren bidez, azetoazetato aske emanik.
Gorputz zetonikoak antzemateko odol edo gernu-analisia egiten da (kontzentrazio normala odolean: 1mg/100ml) [3].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ganong, W.F.: Manual de Fisiología Médica, Ed. El Mundo Moderno (1980), 263-264 orr.
- ↑ Lehninger, A.: Bioquímica, Ed. Omega (1978), 566-567 orr.
- ↑ Cetoacidosis diabética (Gaztelaniaz)